AZTARNATEGIKA, ARABAKO ERRIOXA

AZTARNATEGI ADIERAZGARRIAK ARABAKO ERRIOXAN:
Los Husosko I. eta II. Aterpeak, Peña Largako aterpea eta batez ere: SAN JUAN ANTE PORTAM LATINAM. “HOBIRATZE KOLEKTIBOA” (289 lagun gutxienez elkarrekin haizpean lurperatuak)

C.14 datazioak (K. a. 3300-3000) adierazten du garapen handiko eta inguruaren ezagutza zabaleko giza taldez osatutako populazio ugariko garai baten amaierakoa dela. Hala erakusten dute behintzat, bai aurkitutako aztarnategien dentsitate altuak, bai leize zuloen kokapenak, bai estalperik gabeko asentamenduek eta baita hilobi monumentuek ere. Batera egindako hobiratze honetan, indibiduo askok gezi muturrak azaltzen dituztenez, heriotza bortitza izan zuten, antza, eta hasitako ekoizpen ekonomiak eragindako eztanda demografikoak ondorioak izan zituen nonbait giza taldeen arteko gatazketan.

San Juan Ante Portam Latinam-ek nolabaiteko muga adierazten du Euskal Herriko arkeologiaren ikerketan. 1985 eta 1994 bitartean ikerketak egin zituen diziplina anitzeko taldeak Barandiaran beka jaso zuen 1991ean: (Zuzendaritza Arkeologikoa eta Ikerketa Historikoa, I. VEGAS; Deskribapena eta Ehorzte Ostilamenduaren Analisia, A. ARMENDARIZ; Erakuskariaren Ezaugarritzea, Tafonomia eta Paleopatologia, F. ETXEBERRIA eta L. HERRAZTI; Landare Ingurunea. M. J. IRIARTE).